2017/10/14

Tozal del Mallo (2254m)

EGUNA: 2017/10/14

IRTEERA: Pradera de Ordesa (1320m)

ZAILTASUNA: 
Nahiko erraza (PD-). 
Ibilbidearen zailtasun handiena Cotatueroko zirkura ateratzeko gainditu behar diren iltzeen zatian dago. Amildegi handia duen zatia horizontala da, baina paretean sartutako iltzeek eta jarrita dagoen kableak segurtasunez pasatzeko aukera ematen dute. Horrez gain, iltzeak baino lehen ere hainbat trepada (I) gainditu behar dira, eta Carriatako zirkuan ere destrepe batzuk daude iltzeez hornituta (I+). Zailtasun tekniko horietan kontuz ibiltzeko hainbat zati daude, eroriko handia duten inguruak pasatzen baitira. Ez da ibilbide egokia altuerari beldurra dion jendearendako.

DENBORAK:
  • Pradera de Ordesa - Faja de las Flores (Cotatuerotik) : 3 ordu
  • Faja de las Flores zeharkatzea : Ordu bat eta erdi
  • Faja de las Flores - Pradera de Ordesa (Carriatatik): 2 ordu

NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jacara joan eta hemendik Formigal eski estazioko bidea hartzen da. Biescasera iritsita Ordesako Parke Nazionaleruntz nondik joaten den erakusten digun seinalea ikusiko dugu. Bide hori hartu behar da Cotefabloko gainean barrena Brotoko haranera helduz. Hemen, Brotora ailegatu baino lehen ezkerretara biratuko dugu Torla herrira. Torlatik aurrera Pradera de Ordesako aparkalekura doan errepidea hartuko dugu. Uztailean eta abuztuan itxita egoten da errepide hau, Torlatik autobusez joan behar delarik.

KRONIKA:
Bezperan Midi d'Ossau handia igo ondotik, eguraldi ederreko egunak lagun, gure ateraldia luzatu eta Ordesa aldera zuzendu ginen aspaldian buruan nuen itzuli bat ematera. Egunean bertan Ordesa ingurua ezagutzeko egiten ahal den ibilaldirik onenetarikoa da hau nire ustez, beti ikusgarria den Faja de las Floreseko pasabidea zeharkatzen baitu Carriata eta Cotatueroko zirkuez gain. Horrez gain, Tozal del Mallo mendia igoz biribildu nuen eguna.

8:28 : Pradera de Ordesa (1320m)
Gaua Torla herri politeko sarrerako aparkaleku handian pasatu ondotik, zortzietako autobusa hartu eta Pradera de Ordesara igo ginen. Bertan, seinaleei kasu eginez Cotatuero aldera jo genuen.


Urriaren bihotzean, Ordesak udazkeneko jantziz egin zigun ongi etorria.


Pradera utzi eta minutu gutian, pista zabala utzi eta irudiko seinaleari kasu eginez ezkerretara biratu ginen. Zuzen segitzen duen bideak Cola de Caballo ur-jauzi famatu aldera eramanen gintuzke.


Hemendik aitzin bidexka pago eta pinuz tartekatutako baso koloretsuan barneratzen da.


Era berean, malda ere geroz eta tenteagoa bihurtzen da, baina goizeko itzaletan erraz eta erritmo onean igo ginen eguneko pausurik interesgarrienetarikoa izanen zen Cotatueroko iltzeetara.


Altuera azkar hartzen da eta bailara arras beheitian ikusi genuen basoaren soilgune batetik.


Amildegiaren goitiko zatian, iltzeetara ailegatu aitzinetik, Cotatueroko zirkua gainditzeko igo behar den harresiak lehen zailtasunak ezarri zizkigun. I graduko hainbat eskaladatxo egun behar dira.


Argazkiaren gaineko zatian Cotatueroko iltzeak gainditzen ari diren mendizaleak ikusten ahal dira.


Ingurua gero eta ikusgarriagoa zen metroak irabazi ahala.


Iltzeen pasabidearen azpian arnesa eta kaskoa jantzi eta lehen zatiari ekin genion. Lehen zati hau iltze ekipatutako tximiniatxo bat da. Iltzeen laguntzaz erraz gainditzen da.


Bigarren zatian berriz, pasabide horizoantal bat gainditu behar da. Hemen, iltzeez gain, segurtasun gisa kable bat ere badago, mosketoiekin pausua babesteko.


Arras aereoa da zati hau, baina iltzeen eta kablearen laguntzaz arriksurik gabe eta erraz gainditu genuen.


Pasabidean gozatzen...


Lekua zirraragarria da, latza!


Azkenean, pasabidea nahi baino motzago egin zitzaigun. Gustura hartuko genituzkeen metro batzuk gehiago! Erabat gomendagarria, altuerari beldurrik ez dion jendearendako, noski!


Pasabidea gaindituta zirkuaren goitiko aldera atera ginen.


Goitiko alde honetan putzu polit hau utzi genuen gure eskuinetara. Udan bainu bat hartzeko xoko polita!


Kaskoa eta arnesa gordetzeko geldialdi bat egin eta puntu honetan, ezkerretara biratu ginen harri mukuruei segika. Eskuinetara ere harri mukuruak daude, baita bidexka bat ere, baina bide horrek Gorizeko aterpe aldera segitzen du,


Erran bezala, ezkerreko bidetik Cotatueroko zirkutik ateratzen hasi ginen inguru eder eta basati hau beheitian utziz.


Jadanik eguzkitan, Ordesako hiru milako menditzarrak ikusten hasi ginen. Ikuskizuna primerakoa da ibilbide osoan zehar.


11:11 : Faja de las Flores - Hasiera (2400m)
Honela, Cotatueroko zirkua gibelean utzi eta Faja de las Floresera ailegatu ginen. Hemendik Taillon, Casco, Torre, Marbore, Cilindro eta Monte Perdidora genuen ikuspegiarekin txundituta egon ginen tarte batean.


Baina ikuskizuna ez zen hor akitu...


Cotatueroko zirku bertikala, Ordesako 3000koen ikuskizuna eta jarraian Faja de las Floreseko pasabidean barneratu ginen.


Ordesako bailara ixten duten harresietako bat aldez alde zeharkatzen duen balkoi horizonatala da Faja de la Flores...


Mila metro baino gehiagoko saltoa du bailarara...


Lau kilometroko luzera...


Paretean iltzatuta....


Naturaren harribitxi bat da inolako zalantzarik gabe...


Edozein pirineistak ezagutu gabe utzi ezin duen parajea. Zazpi urte geroago bigarren aldiz nengoen bertan, baina bertze mila aldiz ere zeharkatuko nuke.


12:25 : Faja de las Flores - Bukaera (2392m)
Cotatueroko zirkuan hasten dena, Carriatakoan akitzen da, edo alderantziz. Gabietous mendien azpian utzi genuen Faja ordubete baino gehiagoan gozatu ondotik.


Poliki-poliki Ordesako bailaran barneratzen hasi ginen Carriatako zirkua gibelean utzita. Faja de las Floresek hemendik ere itxura ikusgarria eskaintzen zigun. Atsedenaldi luzea hartu genuen zerbait jan eta inguruaz gozatzeko.


Beheiti segitu aitzinetik, Fajeta eta Iltzeen pasabideak bereizten diren lekuan beheitirako bidea utzi eta hurbil dagoen Tozal del Malloko gailur aldera abiatu ginen.


Praderara jaisten den bidetik 15 bat minutura dago gailurra eta merezi du desbideratzea eta bertako ikuspegiaz gozatzea.


Azkenean nik bakarrik eginen nuen tontorrerainoko bidea.


Motxila utzi eta di-da batean plantatu nintzen bertan. Berez harresiaren irtengune bat bertzerik ez da baina ikuspegi bikaina eskaintzen du Ordesako bailara guzira.


13:22 : Tozal del Mallo (2254m)
Faja de las Floreseko pasabidea parez pare ikusten da kaskotik.


Gironako hiru mendizale zeuden lasai ederrean gosaltzen han eta argazki hau atera zidaten. Merci!


Tarte batean haiekin solasaldia izanda itzuli eta iltzeen bidea hartu genuen Carriatako harresia jaisteko. Bi aukera daude goitiago ikusten zen argazkian bezala, Fajeta kable batez hornitutako pasabide estua eta Iltzeak zati pare bat jaisten edo igotzen laguntzen dutenak. Guk hau hartu genuen eta arazorik gabe jaitsi ginen. Irudian iltzeen lehen zatia...


...eta bigarrena.


Hortik aitzin bidexka aldapatsua jaistea bertzerik ez zen gelditzen.


Carriatako zirkua gibelean utzita.


Ezkerrean pixka bat lehenago igotako Tozal del Mallo mendia ageri zen.


Arratsalde beroan gustura hartu genuen basorako sarrera eta bertatik egin genuen errepidera ailegatu arteko azken zatia.


Olivan deitzen den etxean ailegatu ginen errepidera, Praderatik kilometro inguru beheitiago.


Udazken koloreak izan genituen lagun azken metro hauetan...


15:09 : Pradera de Ordesa (1320m)
Honela, ia zazpi orduko ibilbide zirkular zirraragarria akitutzat eman genuen. Cotatueroko zirkua, Ordesako 3000koak, Faja de las Flores, Carriatako zirkua eta Tozal del Mallo mendiak apaindutako gozamena izan zen.


BIDEOA:

2 iruzkin:

  1. Iepa Estebe! Aide naiz, Narbarteko gazte bat ta zurekin kontaktuan jarri nahi dut. Pasako zure korreoa faborez? Zorionak blog hunengatik, kristona da!

    ErantzunEzabatu
  2. Arratsalde on!

    Hortxe nire korreoa:
    estebe_apezetxe@hotmail.com

    Esker Mile!

    ErantzunEzabatu