2013/12/15

Burcq (2105m)

EGUNA: 2013/12/15

IRTEERA: Parking de Labrenere (1112m)

ZAILTASUNA:
- Alpinismo zailtasuna: PD
- Eski zailtasuna: S3

DENBORA:
- Igoera: 3 ordu
- Jaitsiera: Ordu eta erdi

NOLA IRITSI: 
Labrenereko aparkalekua Lescun herritik gora dago. Lescunera iristeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere irits daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. Lescun herrira iritsi baino pixkat lehenago, Labrenereko aparkalekura gidatuko gaituzten seinaleei segiko diegu.

DESKRIBAPENA:
Abenduko etengabeko antizikloia aprobetxatzen segitu beharra zegoen, eguraldi txarreko asteburuetan on hauetaz ez oroitzeko. horretarako jadanik eskasten hasia den elurraren bila jo genuen Lescun aldera. Preseski, Acheritotik ekialdera doan mendi lerroko tontorren bat igotzea zen gure asmoa. Iparraldeko aurpegitik igoko ginen eta horrela elur gehiago harrapatzea zen asmoa.

8:46 : Parking de Labrenere (1112m).
Bezperan egin genuen aparkalekurainoko bidea eta afaldu ondotik, gau epel xamarra pasa genuen bertan. Inbertsio termikoa zela eta, tenperaturak ez ziren zeropertik jaitsi gau osoan. Zortziak inguruan ernatu, presarik gabe gosaldu eta gora abiatu ginen.


Eguzki izpiek gure helburu ziren tontorrak inguratzen zituzten jadanik.


Lehen metroak errekaren ezker aldetik egin genituen, elurtutako pista batetik metroak poliki irabaziz. Eguna epel zegoen, hego haizeari esker.


Itchaxeko zubitik erreka eskuin aldera zeharkatu eta zonalde honetan ohikoak diren elur-jauzietako bat zeharkatu genuen. Amildegia mendebaldetik ixten duten mendiak oso tenteak eta belartsuak dira eta beraz, elurra egin eta ondoko egunetan ohikoak dira tamaina handiko elur-jauziak inguru honetan.


9:54 : Cabanes d'Itchaxe (1450m).
Bailaratxoan gora, zuhaitzak utzi eta lehen lautadatxo batera ailegatu ginen. Hemn hainbat txabola daude, gehienak egoera txarrean.


Parean genuen jarraitu beharreko zatia. Momentu guztian errekaren eskuineko aldetik altuera irabaziaz. Ikusten denez, bailara ixten duten hego mendebaldeko orientazioko magalak elurrik gabe zeuden ia-ia. Parean genuen Laristeko lepoa ere oso justu ikusten zen, beraz gure hasierako helburua zena alde batera utzi genuen.


Altuera irabazten poliki-poliki errekaren eskuin aldetik.


10:25 : Cabanes de Bonaris (1700m).
Bapatean amildegitik irten eta mendiz inguratutako zirku polit batera iritsi ginen. Txabola batzuk ere bazeuden bertan. Hoietako dotoreenak zati libre bat dauka mahai eta aulki batzuekin. Lautada honetan bereizten dira Lariste eta Burcq mendietara doazen bideak. Lariste mendia eskuinetan , eguzkitan ageri dena, nahiko justu zegoenez, ezker aldera jo genuen, Burcq mendiaren bila.


Berriz ere mendien itzalean txabolak gibelean genituela.


Hegoaldeko norabidean segitu genuen eta gure helburua ikusi genuen aurrez aurre: Burcq mendia. Lehendabizi, irudian ikusten den Pauko lepora iritsi behar da eta gero bere ezkerretan dagoen mendira igo. Ez da zuzenean igotzen ordea. Lepora iritsita, mendia inguratzen hasi behar da bere hegoaldeko maldaren bila, bertatik igotzeko.


11:37 : Col de Pau/Puerto del Palo (1942m).
Lepora iritsita Ozako aldetik igotzen den bidea bistaratu genuen. Elur gutxi zonalde honetan, hori bai elurra dagoenerako aukera pila eskaintzen ditu. Atzean berriz, Alanoak eta aste bat lehenago igotako Acherito ikusgarria bertzeak bertze.


Lehen erran bezala, mendia inguratu behar da bere hegoaldeko maldaren bila.


11:50 : Col de Burcq (2063m).
Mendia inguratuz tontorraren hegoaldera gelditzen den lepotxo batera iritsi ginen. Hemendik arista zabal eta erraz batek tontorrera eramanen gintuen. Irudian lepotxoa eta atzean Collarada, Aspe; Bisaurin eta Castillo d'Acher mendiak bertzeak bertze.


Ipar mendebaldean berriz Gorreta de los Gabatxos, Chinebral de Gamueta, Acherito, Sobarcal, Petretxema, Hiru Erregeen Mahaia eta Auñamendi, ezkerretik eskuinera.


11:55 : Pic de Burcq (2105m).
Hego haizeak nahiko zakar egin zigun ongi etorria kaskoan. Hala ere, egun bikaina genuen eta ingurua ere halakoa.


Igo berri genuen lepora bista, atzean Lariste mendia duela. Urrunago berriz, lehen aipatutako mendiak Lescungo zirku ederra itxiz.


Lescun eta Aspeko bailara iparraldean.


Ipar ekialdean Sesques eta Midi d'Ossau nabarmentzen ziren bertzeen gainetik. Hurbilago berriz, Labigouer mendiko mendebaldeko malda bikainak erakartzen zuen gure begirada.


Tontorra...


Gailurraz pixkatean gozatuta beherakoari ekin genion. Elur ona harrapatu genuen, baina gutxi xamar tokika. Hala ere, ederki gozatu genuen lehen zatian.


Txaboletatik behera, elur goxoarekin eta Labigouer mendia zelatari genuela.


14:00 : Parking de Labrenere (1112m).
Hala azkeneko pista zatia ahal genuen bezala pasaz berriz aparkalekura ailegatu ginen. Paraje ederrean egun polita osatuz...


Zoragarri zegoen Lescungo zirkua arratsalde apaleko argitan.


Acherito, Sobarcal, Petretxema, Ansabereko Orratzak, Dec de Lhurs...


...liluratuta gelditu ginen inguruko edertasunarekin.


Honela ba, Lescun herria agurtu genuen. Mila aukera desberdineko paraje zoragarria!


Akitzeko, pasa genuen egun ederraren laburpenarekin bideotxo bat (klikatu ahalik eta kalitate handienean):



1 iruzkin:

  1. Ederra bikote!!! A ze parajeak, ordenadorearen teklatuari lerdea kendu ezinik nabil jejeje. Azkeneko argazkiak izugarriak gelditu zaizkizu, ederrak benetan.

    Eman eurreeeeee!!!!

    ErantzunEzabatu