2024/04/18

Fastdalstinden (1275m)

EGUNA: 2024/04/02

ABIAPUNTUA: Rottenvik (130m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Igoera: 3 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Ekaitzaren ondotik berriz ere barealdia etorri zen Lyngeneko Alpeetara. Hala bada, gure helburuak berriz goiti begira paratu ziren eta kostaldez aldatzea erabaki genuen. Penintsularen ekialdeko kostatik goiti Fastdalstinden ezagunera zuzenduko ginen, bezperan botatako elurrarekin bere malda zabaletan eski-saioa egiteko asmoz.

9:21 : Rottenvik (130m)
Autoa aparkalekuan utzi eta eskuineko aldera ateratzen den pista batetik emanen genituen lehen pausoak.


Bezperan botatako 10 bat zentimetroko elur arinak lehenago inguru honetan izanen ziren arrastoak ederki estaliak zituen. Izan ere, Fastdalstinden mendi ezaguna da eta elurteak pasatuta laster betetzen dira bere magalak arrastoz.


Pistatik baso arteko pasilo honetara atera ginen. Malda dezente tentetzen zen zati horretan eta elur freskoa ez zen azpiko gogortuaren gainean guri eusteko gai. Hortaz, eta kutxilak ez paratzeko burugogorkeriagatik, uste baino gehiago kostatu zitzaigun malda hau gainditzea.


Pasiloaren azken zatian malda etzaten da eta aise errazago iganen ginen.


Rottenvikvatnet lakuko lautada erraldoiera aterako ginen lehen zati maldatsua pasatuta. Puntu honetatik Fastdalstinden begien bistan genuen jadanik.


Aitzineko egunetakoa baino paisaia alpinoagoa du inguru honek: gailur pikoak, Rottenvikbreen glaziarra...


Rottenvikvatnet laku handia ekialdetik inguratuko genuen gailurrerako malda ederrak parez pare genituela.


Argazki honetan ikusten da laku inguru lautada zabala. Itzuleran zati batean foka-larruak berriz paratuko genituen lautada zeharkatzeko.


Lakuko lautada gibelean utzi eta berriz altuera hartzen hasi ginen.


Ezkerretik eskuinetara egiten duen ezproi itxurako baten gainetik iganen ginen mendiaren goitiko solairura. Zatirik maldena ekiditen du ezproi honek, baina elur-jausi arriskua altua delarik kasu eman beharrekoa omen da.


Goitiko "soilairura" ateratzen...


Behin goitiko zatian malda berriz ere etzan egiten da eta zatirik arriskutsuena hor akitzen da. Hortik gailurreraino gure etsai handiena hotza izanen zen. Egun garbia genuen, haize gutikoa; baina alimaleko hotza ari zuen.


Bizkar zabaletik zailtasunik gabe eginen genuen irudian ikusten den tontorrera.


Azken metroak...


12:08 : Fastdalstinden (1275m)
...eta gailurra! Hau izanen zen bidai osoan zapalduko genuen gailurrik altuena. Biharamunean altuago ibiliko ginen, baina gailurrik zapaldu gabe.


Gailurrean afera ez zegoen broma aunitzetarako. Eguzkitsu, baina haize pixka bat zebilen eta hotza ari zuen. Trantsizioa fite egin eta beheiti...


Azken argazkia sasigailurrean beheiti abiatu baino lehen...


Laku ingururaino jaitsiera mendiaren hego aurpegitik zuzenean egin genuen goitirakoan hartutako bidetik egin ordez. Malda tenteagoa dago bertan, baina haizeak gutiago eraldatutako elurra harrapatuko genuen.


14:08: Rottenvik (130m)
Laku inguruan lautada zeharkatzeko foka-larruak paratu eta azken zatia igoerako bidetik eskiatuz ailegatu ginen autora. Mendi egun ederra berriz ere!